Bilakaera

 

Bilakaera

Sagarrondoak eta sagardoak Euskal Herrian jatorria non duten datu garbirik ez dago, batik bat urteetan oso atzera egin beharko genukeelako. Jakinekoa dena da sagardoa izan dela Euskal Herriko edaririk ohikoena mende askotan zehar. Agiri eta aipamenik zaharrenak Jose Uria Irastorzak biltzen ditu Sagardoa liburu mardulean, eta berari eskerrak jaso ahal izan ditugu ondorengo datu eta aipamen historiko asko. Sagarra gure lurraldera nola iritsi zen azaltzeko iritzi ugari daude. Batzuek diote sagarra Afrikatik sartu zela Euskal Herrira, beste zenbaitek dio hazia migrazio-txoriek ekarri zutela ekialdeko lurraldeetatik, eta badira sagarra Euskal Herrian berez sortu ez bazen ere, aspaldiko garaietan kanpotik sartua izan zela diotenak ere. Sagarrak sagardoa berekin du eta honen inguruan badira teoriak diotenak, sagardoa arabiarrek ekarritako edaria dela, baina beste teoria batzuen arabera, erromatarrengandik ikasi zuten garai bateko euskaldunek sagardoa egiten.