Sagar Barietateak

 


Aritza

Fruitua: handia
Ekoizpena: txikia
Alternantzia: altua
Indarra: altua
Fruktifikazioa: brindila, lanburda eta poltsetan

Itxura: 69º ardatzarekiko
Heldutasuna: ºbrix : 11-11,4 (41 asteko datuak)
Gogortasuna: 6,9-7,5
Almidoiaren erregresioa: 5-6 , r mota
Izurri eta gaixotasuneekiko sentsibilitatea: ertaina zurina eta gorrinarekiko; baxua txankro eta armiarma gorriarekiko eta oso baxua zorri lanigeroarekiko
Sagar gazi-mikatza dela esan genezake, orokorrean sagar nahiko konpentsatua sagardotarako. Mikatzetik baduen arren, azido fenolikoetan bajua da eta kolore gutxiko sagardoak emango dizkigu. Fruitu berde gorrizta du, tamainaz handia eta urte biz behin emateko joera du; alegia urte batean sagarra asko izanez gero hurrengo urtean gutxiago izango duela (non eta loretan edo sagarrak tamaina jakin bat duenean bakantzen ez dugun). Su bakteriologikoak gogor erasaten diolako aldatuko da gutxiago azken urteetan, sagardotarako sagar ona den arren.


Errezila

Fruitua: txikia
Ekoizpena: ertaina
Alternantzia: altua
Indarra: ertaina
Fruktifikazioa: brindila, lanburda eta poltsetan

Itxura: 69º ardatzarekiko
Heldutasuna: ºbrix : 12,5-13 ( 41 asteko datuak)
Gogortasuna: 11-12,3
Almidoiaren erregresioa: 4-5, rc mota
Izurri eta gaixotasuneekiko sentsibilitatea:altua armiarma gorriarekiko; ertaina zorri lanigeroa, zurina eta txankroarekiko eta oso baxua gorrinarekiko.
Sagar gazia da Errezila, mikatzetik ere baduena eta azukre askokoa. Sagardotarako ez ezik mahairako eta sukalderako ere estimazio handiko sagarra da, Errezil herriaren izena daramakien sagar mota hau; hala ere, Errezil herrian bertan Ibarbi sagar izena hartzen du Errezilak, herriko bailara eta baserri baten izena hain zuzen ere. Azukre kopuruak eraginda, irakinaldi zaileko sagardoak emango ditu Errezilak, alkohol graduazio handikoak. Urte biz behin emateko joera du. Indar handiko sagarrondoa izaki, sagarra emateko gutxi moztu eta asko okertzea komeni da.


Gezamina

Fruitua: ertaina
Ekoizpena: ertaina
Alternantzia: txikia
Indarra: txikia
Fruktifikazioa: nagusiki

Itxura: 73º ardatzarekiko
Heldutasuna: ºbrix : 12,5-13 (41 asteko datuak)
Gogortasuna: 11-12,3
Almidoiaren erregresioa: 6-7, c mota
Izurri eta gaixotasuneekiko sentsibilitatea: oso altua txankroarekiko; altua hostoetako gorrina; ertaina fruituko gorrina, zorri lanigeroa eta armiarma gorriarekiko eta baxua zurinarekiko.
Sagar garratza da gezamina, gazitik oso gutxi duena eta horretaz konturatzeko ez dago ahora sartzea besterik. Kolore berdeko sagarra da, erdi tamainako fruta izaten duena. Garratz handia eta gazi gutxi izaki, kolore handia ematen dio sagardoari, azido fenoliko asko duen seinale. Sagar gazi eta gezekin nahasteko oso egokia da. Emaile izugarria ez den arren, ondo kontu eginez gero urtero eman ohi du, baina kontuz ibili behar da txankroa eta gorrina edo herdoilarekin, asko erasaten baitiote.


Goikoetxe

Fruitua: ertaina
Ekoizpena: altua
Alternantzia: altua
Indarra: altua
Fruktifikazioa: brindiletan nagusiki

PItxuraorte: 70º ardatzarekiko
Heldutasuna: ºbrix : 12,5-13 ( 41 asteko datuak)
Gogortasuna: 7,6-8,5
Almidoiaren erregresioa: 8-10, c mota
Izurri eta gaixotasuneekiko sentsibilitatea:altua zorri lanigero eta gorrinarekiko; ertaina armiarma gorriarekiko; baxua zurinarekiko eta oso baxua txankroarekiko.
Sagar orekatua da Goikoetxea, gazia eta garratza biak baititu, eta sagarrik gehienek bezala, azukre dezente ere bai. Oreka hori dela eta sagardotarako oso sagar egokitzat jotzen da. Garraztasun horretan azido fenoliko asko du, eta gazia ere baden arren, kolore dezenteko sagardoak ematen ditu Goikoetxeak. Asko ematen duen arren, bi urtetik behin emateko joera du, eta loretan eta fruta oso txikia denean bakantzea komeni da, urtero eman dezan. Zorri laningeroa eta gorrina edo herdoila ditu gehien erasaten dioten gaitzak.


Manttoni

Fruitua: ertaina-handia
Ekoizpena: txikia
Alternantzia: ertaina
Indarra: ertaina
Fruktifikazioa: brindiletan nagusiki

Itxura: 64º ardatzarekiko
Heldutasuna: ºbrix : 12,5-13 (41 asteko datuak)
Gogortasuna: 7,6-8,5
Almidoiaren erregresioa 5-6, cr mota
Izurri eta gaixotasuneekiko sentsibilitatea: ertaina armiarma gorriarekiko; baxua zorri lanigeroa, txankro eta hosto gorrinarekiko; oso baxua zurina eta fruitu gorrinarekiko.
Sagar orekatua da Manttoni, eta sagardo sagar ona ez ezik, jan sagar oso ona ere bada. Badu gazitik eta badu garratzetik eta baita azukretik ere, baina erdi mailako neurrietan guztia. Sagar berde gorrizta ematen du eta nahiko tamaina handikoa. Ez da emaile izugarri handia, baina urtero samar ematen duena bai. Gaitz gehienekiko erresistentzia handia du eta agian konturik handiena armiarma gorriarekin izan behar da sagastian.


Moko

Fruitua: ertaina
Ekoizpena: altua
Alternantzia: ertaina
Indarra: ertaina
Fruktifikazioa: brindila, lanburda eta poltsetan.

Itxura: 57º ardatzarekiko
Heldutasuna: ºbrix : 12,-12,5 (41 asteko datuak)
Gogortasuna: 6,9-7,5
Almidoiaren erregresioa: 4-5, cr mota
Izurri eta gaixotasuneekiko sentsibilitatea: -
Sagar oso gazia eta oso mikatza da Moko, eta ez dago amaren semerik aurpegia bihurritu gabe ahora sartuko duenik. Baina jateko modukoa ez den arren, sagardotarako fama handia duen sagarra da, zuzentzaile bezala balioko baitigu, gazi nahiz garratz asko duelako. Sagar gorria da, erdi tamainakoa. Nahiko emailea da eta txukun zainduz gero, urtero ematen dakiena. Adarrak zuzen gora botatzeko joera du, eta adarrak zabaldu eta okertu ahala sartuko da produkzioan egoki. Hostoetako gorrina edo herdoila da gehien erasaten dion gaitza.


Mozolua

Fruitua: ertaina
Ekoizpena: altua
Alternantzia: altua
Indarra: ertaina
Fruktifikazioa: poltsetan nagusiki.

Itxura: 74º ardatzarekiko
Heldutasuna: ºbrix : 11,5-12 (41 asteko datuak)
Gogortasuna: 6,9-7,5
Almidoiaren erregresioa: 7-8, c mota
Almidoiaren erregresioa: oso altua gorrinarekiko; altua txankro, zurina, zorri lanigeroarekiko; baxua armiarma gorriarekiko.
Sagar mikatza da mozolua, gazi askorik ez duena. Sagar berdezta da erdi tamainakoa, eta azido fenoliko kopuru altua duenez, kolore dezeteko sagardoak emango dizkigu. Mozoloak asko ematen badu ere, bi urtean behin emateko joera du, eta garaian bakantzea komeni da urtero-urtero sagarra izateko. Herdoila edo gorrina da gehien erasaten dion gaitza eta kontuz leku ospel eta hezeetan.


1 | 2